Dantzari, idazle, musikari, kudeatzaile eta sortzaile plastikoen sarea gara.

BEÑAT URRUTIA PUJANA,
Jatabe (1995)
Proiektuaren zuzendaritza eta ekoizpena

Dantzertin (2016-2020) Dantza gradua egin du. Kultur Kudeaketako Masterra (UOC, 2020–2022) eta Dantzako Master Ofiziala (UNIR, 2022–2024) egin ditu. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean doktorego-tesia garatzen ari da (2023–2026), euskal dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko sinergiak eta euskal dantzen bilakaera aztertuz. Bere ibilbide artistikoan, 2019 eta 2022 artean Dantzaz konpainiako kide izan zen, nazioarteko eta tokiko koreografoen errepertorio zabalean arituz. Besteak beste, Martin Harriague, Sade Mamedova, Vita Osojnik, Gil Harush, Hilde Koch eta Josu Mujika bezalako sortzaileen lanetan parte hartu zuen, baita Christine Hassid, Jacek Przybyłowicz, Thierry Malandain, Janis Claxton, Dafne Nierollo, Itzik Galili eta Wubkje Kuindersma bezalako koreografoen piezetan ere, sormen-prozesuetan eta biratan ibiliz. 2019an, Dantzan.eus ikertzaile-laguntzaile praktiketan aritu zen, euskal ondare eszenikoa dokumentatzeko proiektu batean. Halaber, 2018 eta 2022 artean Euskal Herrian zehar hitzaldiak eman zituen, euskal folklorearen eta sorkuntza garaikidearen arteko harremana azpimarratuz. Irakaskuntzan, 2022tik Dantzertiko Teoria eta Historia departamentuan irakasle da. Horrez gain, UNEDen euskal dantzen inguruko bi ikastaro teoriko eman ditu (2022 eta 2025). Azken urteotan, Kukai konpainiarekin (Oskara, 2022–2024) eta Jon Ander Urrestiren Eukaliptus obran aritu da biran, baita Hika Teatroaren Gazte piezan ere. Aldi berean, Eneko Gil, Laida Aldaz eta Matxalen Bilbao koreografoekin sormen-laborategietan parte hartu du (2021–2023). Bere jardun artistikoaren ardatz nagusia Enbata proiektua da; bertan zuzendaritza, ekoizpena eta interpretazioa uztartzen ditu. Testuinguru horretan, Urraska piezan sorkuntza eta antzezpen lanak garatu ditu, eta Mamu laborategiko esperientzien bidez ikerketa artistiko eta performatiboa lantzen jarraitzen du.

RAFKE VAN HOUPLINES, Mechelen (1996)
Ekoizpen eta zuzendaritza artistikoa,
komunikazioa eta sare sozialak
Rafke Van Houplines dantzari profesionala eta irakasle belgikarra da, Donostian bizi dena. 2014an hasi zuen bere ibilbide profesionala DANTZAZekin (Errenteria). Azken urteetan, OSA+MUJIKA konpainian aritu da, eta dantzari izan da IZARO abeslariaren "Cerodenero" biran. Horrez gain, beste hainbat proiektutan parte hartu du freelance gisa, hala nola LASALA (Donostia), Christine Hassid Project (Bordele), eta ERTZA. Bere ibilbideak Europako hainbat eszenatokira eraman du, besteak beste, Idoménée opera, Lilleko Operarekin eta Berlingo Staatsoperrekin lankidetzan. Ikuspegi akademikoari dagokionez, Hizkuntzalaritza Aplikatuan (Ingelesa-Gaztelania) lizentziaduna da Vrije Universiteit Brussel unibertsitatean (Belgika); bertan, helduentzako eta atzerriko hizkuntzetan alfabetatze-maila baxua dutentzako ikaskuntza mistoari (blended learning) buruzko ikerketa garatu zuen. Gaur egun, Ingelesa Atzerriko Hizkuntza gisa Irakasteko (TEFL) Masterra egin du UNIR unibertsitatean. Komunikazio-arloan, Komunikazio Arduraduna izan zen Dantzazen, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko dokumentuen itzulpena, transkripzioa eta berrikuspena kudeatuz. 2024ko irailaz geroztik, ENBATA proiektuaren Antolakuntza Artistiko eta Produkzio-zuzendariaren ardura du. Kargu honetan, konpainiaren eguneroko koordinazioaz gain, komunikazio estrategikoa eta sare sozialen kudeaketa ere zuzentzen ditu. Lanpostu horrekin batera, irakaskuntzan aritzen da bi esparrutan: alde batetik, dantza garaikideko klaseak ematen dizkie helduei, eta bestetik, ingeles irakasle gisa lan egiten du akademia batean. Horrez gain, dantzari freelance gisa jarraitzen du beste proiektu artistiko batzuetan.


OLATZ EGIA CANTON,
Donostia (2001)
Dantzari eta sortzailea

Olatz Egia (2001, Donostia) sortzaile eta interpretea da. Txikitatik hartu ditu dantza garaikide kalseak Donostiako Musika eta Dantza eskolan eta 18 urterekin Burgoseko Ana Laguna kontserbatorioan hasi zituen haren ikasketa profesionalak. Urtebete beranduago Copenhagen Contemporary Dance Schoolen ikasketak jarraitzea erabaki zuen eta bertan hasi zuen bere ibilbide profesionala, Suedia eta Danimarkarko hainbat proiketutan parte hartuz, hala nola ILdance konpainiarekin eta Copenhagen Dance Arts kolektiboarekin. 2024-2025 ean Dantzazeko interpretea izan zen, hainbat sorkuntza berrien eta biren parte izan zen. Gaur egun, bere bidea eraikitzen ari da egonaldi artistikoetan bere lana garatuz eta Enbatarekin sorkuntza berrian parte hartuz.

AINHOA USANDIZAGA ESTARLOA,
Hernani (1994)
Dantzari eta sortzailea
Ainhoa Usandizaga Estarloa Hernani jaio zen 1994ean. Burgoseko dantza eskola profesionalean ikasketak egin ondoren, Madrilera joan zen bere lehen dantza komapinian lan egitera. Madriden hainbat koreograforekin ikasten eta lanean jarraitzeko aukera izan zuen, haien artean Ana Erdozain, Jesus Rubio, Amaya Galeote, Chevi Muraday… Ondoren Poliana Limaren konpainiako kide bilakatzen da, Las cosas se mueven y no dicen nada eta Las cosas en la distancia piezekin Europatik gira bat eginez. Honez gain Back Production produktoraren Metarmorphoses obra interdisziplinarrean parte hartzen du dantzan, kantuan eta interpretazioan. 2019an Euskal Herrira itzultzen da, Donostiako Cielo Raso konpainiarekin lanean hasi ahal izateko. Bertan Piedra (2018), Hâmaïkà (2021) eta Euforia (2025) ikuskizunak eszenaratzen ditu. Aldi berean Gasteizko Proyecto Larrua konpainiaren La casa vacía eta Bilboko Almudena Perezen Ultra Violet piezetan ere parte hartzen du dantzari bezela. Horrez gain Enbata konpainia multidisziplinarreko partaide ere bilakatzen da Urraska eta Garbigailua obrekin. Gaur egun, konpainia horietako interprete izateaz gain, espazio ez konbentzionaletarako bere lehenengo sorkuntza aurkeztu du: Bihar.


MANU GAIGNE BEOBIDE,
Donostia (1995)
Musikaria eta sortzailea

Donostian (Gipuzkoa) jaioa, 1995an. Musika garaikideko performance masterra amaitu zuen, Escola Superior de Musica e Artes unibertsitatean, Oporton 2021an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arte ikasketak egiteko bekarekin. Honen aurretik Musikako Goi-Mailako ikasketak egin zituen Musikenen, perkusioan espezializaturik, 2018an amaitutakoak. 2019. urtean, Nano Drumming Grupo de Percussao taldearen akademiaren parte izan zen. Honez gain, 3. saria eskuratu zuen Concurso Internacional de Percussao da Beira Interior lehiaketan. Euskadiko musikari gazteen lehiaketako A kategoriako saria eskuratu zuen 2015an. Konpositore eta musika interprete gisa lan egiten du, arte-diziplina desberdinekin batera sortutako proiektuen sortzaile eta parte izanik. 2025ean, bi musika-pieza konposatu zituen, soinu-espazioa, eta Haatik Dantza Konpainiaren "OTS" obraren aukeraketa musikala sortu ere. 2025ean, Garazi Navasekin batera, "Sonografía irudipenak" izeneko proiektu musikaleko piezak sortu eta konposatu zituen. 2024an Enbata konpainiaren "Urraska" ikuskizunerako musika konposatu eta interpretatzen ditu. 2023an "Huesos" proiektu eszenikoa sortu zuen Puy Barral poetarekin batera, proiektuaren musika sortu eta ekoitziz. 2025ean, ikerketa koreografiko bat garatu zuen TARTAR kolektiboaren izenpean, "Partiturak praktikatuz" izenekoa, Jone Amezaga dantzariarekin batera. Talde horrekin sortu zuten 2022an "Remedios Vals" pieza, musikaren eta dantzaren arteko hizkuntza komunari buruz hausnartzen duena. Honez gain hainbat talderekin jotzen du eta jo du, hala nola, Bilbao Sinfonietta, Sigma Project, Remix Ensemble, Mirua, Hatxe, Sarrabete, Gori Gori, Faltriqueira, Haatik Dantza konpainia, Gasteizeko banda edota Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin. “La columna infame” antzezlanean edota Circo de Natal do Coliseuko musikaria izan zen ere.

XABIER MUJIKA
Jantzi/ eszenografia aholkularitza
Donostiako DAGET fakultatean arkitektura ikasketak amaituta, Bruselaseko SHSH arkitektura eta eszenografia bulegoan lan egin nuen. Bertatik itzultzean arte eszenikoetan lan egiteko helburuarekin AEG zentruan neurrira egindako eta ikuskizunetarako jantzien goi mailako heziketa zikloa burutu nuen. 2016an Dantzaz konpainian urtebete aritu ondoren nire kabuz lanean hasi nintzen. Geroztik batipat dantza eta antzerki konpainiekin egiten dut lan, jantzi, eszenografia nahiz arte proiektuak diseinatu eta ekoitziz. 2017 urtetik Jaiotz Osa dantzari eta koreografoarekin OSA+MUJIKA konpainiaren zuzendaritza elkarbanatzen dut, gure proiektu propioak garatuz eta beste artista batzuekin elkarlana bultzatuz.

.jpg)
ETANOWSKI
Argazkilaria

Renata L. Etanowski argazkilaria, bideo-errealizatzailea eta argitalpen-diseinatzailea da. Dantza garaikidean eta arte eszenikoetan espezializatuta dago. Polonian eta Ivasfot Donostian egin zituen argazkilaritza ikasketak. 2020an amaitu zen Diseinu Editorialeko eta Argitalpen Digitaletako Masterra Bartzelonan. Artelekun argazkigintzako workshop-ak eginez osatu zuen bere prestakuntza, Hellen van Meene, Bart Hess, William Selden eta Eduardo Momeñerekin. Bideoko formakuntza Larrotxenean borobildu zuen Laurent Defauche, Pablo Malo, Oscar Tejedor eta Txintxua Filmsekin. Aurrekoaz gain, Berlinen, Pool-Tanz Festival/Sarah Möller-ekin, "Arranging Movement in Film" ikastaroa gauzatu zuen. "Argazkigintza terapeutiko eta parte-hartzailearen laborategia", Ainhoa Vallerekin burutu zuen, Bilbon, eta LAV Madrilen. Euskal konpainia garrantzitsuekin lan egiten du: LASALA, Osa+Mujika, Lokke_Olatz de Andres, Amaia Elizaran, Paula Parra, Kanpai, LaRutan, Iker Karrera, Myriam Perez, Mari Zaunka, Caminate/Ohiana Varela, Denis Martínez Roque, Enbata, Hika Teatroa, besteak beste.

ALAIONDO ESTUDIOA
Irudi korporatiboa eta diseinua

